miércoles, 7 de octubre de 2026

1005_Tenporak

GORESPENAK

Agurra

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/.  Aintza Aitari eta Semeari,
        eta Espiritu Santuari.
        Lehen lez, orain eta beti,
        eta amaibako egunetan. Amen. Alleluia.

Goratzarrea


ERAIKIA DAGO

Eraikia dago, / eraikiz dijoa 
denok inguratzen / gaituen hiria;
geu gaitu hiriak / bere osagarri,
funtsetan darama / gizonon antsia.

Bizitza bat-bera / daukagu gizonok;
sendo bezainbat hor / gaituzu kolokan.
Bizi dugu kezkak / duen gazi-geza,
bakearen alde / gabiltza borrokan.

Bai ote hiririk / heriorik gabe?
Eta gizarterik /ilunperik gabe?
Eguzki-argirik /beharko ez duen
zorion-hiri bat / sortzerik bai ote?

Jaungoikoak dio: /«Gizonen artean
hona etxola Nik, / herritar nakien.
Txukatuko diet / negar-malko oro;
herio-saminik / ez dute izanen».

Hiri berriaren / oinarri Kristo da.
Eraiki dezala / gure gizartean
Jerusalem berri, / «bakearen hiri»,
elkartasunezko / maitasun betean.


Salterioa

1 Ant. Edegiko deustazuz ezpanok, Jauna, eta nire ahoak zure gorespena iragarriko dau.

50 Salmoa

Erruki zakidaz, Jainko, dozun maitasun handiaz,
      suntsitu eizu nire makurra zure amaigabeko errukiaz.
      Garbitu naizu zehatz nire hobenetik,
      ikuzi naizu nire gaiztakeriatik.

Nire bihurrikeria ezagutzen dot-eta,
      nire hobena beti dot-eta begien aurrean.
      Zeuri egin deutsut pekatu, Zeuri baino ez,
      zure begietan oker dana egin dot nik.

Zuzen agertuko zara auzian,
      zintzo zure epaian.
      Hobendun sortua naz izan ere,
      pekatuan ninduan amak erne.

Zuri, ostera, bihotz leiala atsegin jatzu,
      bihotz-munean zuhurtasuna irakasten deustazu.
      Busti naizu isipuz, eta garbi geldituko naz,
      ikuzi naizu, eta edurra baino zuriago geldituko naz.

Entzunazo poza ta atsegina niri;
      xehatu dozuzan hazurrok egin beie jauzi.
      Aurpegi hori nire hobenetatik alderatu eizu,
      nire makurkeria guztiak suntsitu eizuz.

Bihotz garbi bat, Jainko, sortu eizu nigan,
      arnasa bizkorra barritu eizu nire barruan.
      Ez naizu urrundu zure aurretik,
      zure arnasa santua ez kendu niri.

Zure salbamenaren poza bihurtu eidazu,
      zure arnasa zabalez sendotu naizu.
      Erakutsiko deutsedaz gaiztoei zure bideak,
      Zeugana bihurtuko dira pekatariak.

Atara ni odol-zigorpetik, Jainko,
      Jainko, ene salbatzaile;
      eta nire ezpanek zure zuzentasuna
      pozetan zabalduko dabe.

Edegiko deustazuz ezpanok, Jauna,
      eta nire ahoak iragarriko dau zure gorespena.
      Ez jatzu-ta atsegin oparirik,
      erre-opariak ez zendukez hartuko, nik emonik.

Nire oparia, Jainko, bihotz damutua:
      ez dozu arbuiatuko, Jainko,
      bihotz damutu eta umildua.

Agertu zaitez, Jauna, onbera Sionekin,
      Jerusalemgo harresiak barritu eizuz.
      Orduan onartuko dozuz
      legezko opari, emari eta erre-opariak;
      orduan izango dira zekorrak zure altaran eskeiniak.

Aintza Aitari eta Semeari,
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez, orain eta beti,
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Edegiko deustazuz ezpanok, Jauna, eta nire ahoak zure gorespena iragarriko dau.


2 Ant. Jaunarekin garaile izango da eta ospez betea Israelgo ondarea.

Kantika: Is 45, 15-26

 Jainko ezkutua zara Zu, egiaz,
      Israel-en Jainkoa, Salbatzailea.

Lotsaren lotsaz gorritu dira, danak batera.
      Alde egin dabe lotsakizunez beteta,
      jainko-irudien egileak.
      Israelek salbamena lortu dau Jaunagandik betiko,
      ez da lotsaren lotsaz gorrituko menderen mendeetan.

Holantxe hitz egin dau Jaunak, zeruak egin dituanak,
      Bera da Jainkoa, lurra eratu, egin eta sendotu dauana;
      ez dau, ez, hutsik eukitzeko egin, gizakien bizileku baino:
      «Neu naz Jauna, eta ez da besterik».

Ez dot hitz egin ezkutuan,
      lurreko bazter iluntsuan.
       Ez deutsat esan Jakob-en haziari:
       «Nire bila ez alperrik ibili».

Neu naz Jauna, zuzen hitz egin dauana,
      egia besterik esaten ez dauana.
      Batu, etorri, hurreratu zaiteze danak,
      atzerrian bizirik gelditu zarienak.
      Zoro dira zurezko irudia daroenak,
      ezin salbatu dituen jainkoari otoitz dagioenak.

Egin hitz, jardun, hizketa egin alkarrekin,
      nork iragarri eban hau lehenagotik,
      nork esan aurreragotik?
      Ez ete Neuk, Jaunak? Ez da-ta Neu beste jainkorik;
      ez da Nitaz kanpo jainko zuzen, salbatzailerik.

Bihurtu Neugana lur-bazter guzti, salbatu nahi badozue,
      Neu naz-eta Jainkoa, besterik ez dozue.

Neure buruagaitik egiten dot zin,
      egiak dau nire ahotik urten,
      ez dau egingo atzera:
      «Guztiak jarriko jataz belauniko,
      mihin guztik dau Neugaitik zin egingo».

Esango dabe: «Jaunagan baino ez indarra eta garaipena».
      Lotsaren lotsaz etorriko jakoz,
      Haren aurka lehian ziharduenak.

Jaunarekin garaile izango da
      eta ospez betea, Israelgo ondarea.

Aintza Aitari eta Semeari,
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez, orain eta beti,
      eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Jaunarekin garaile izango da eta ospez betea Israelgo ondarea.

 

3 Ant.  Sartu zaiteze Jaunaren ateetatik: emon eskerrak, bedeinkatu Haren izena.

99. salmoa

 Lurtar guztiok, egin irrintzi Jaunari,
      Jaunari Zerbitzu alai eiozue,
      Haren aurrera pozez oihuka sartu zaiteze.

Jakizue Jauna dala Jainko,
      Berak egin gaitu, Bereak gara,
      Bere herri eta larreko artalde.

Sartu zaiteze ateetatik eskerrak emonez,
      Haren atarietan goratzarreka,
      emon eskerrak, bedeinkatu Haren izena.

«Onbera da-eta Jauna,
      Haren maitasuna betiko,
      Haren leialtasuna mendeen mendeetaraino».

 Aintza Aitari eta Semeari,
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez, orain eta beti,
     eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Sartu zaiteze Jaunaren ateetatik: emon eskerrak, bedeinkatu Haren izena.

 
Jainkoaren Hitza 

Sir 50, 24-26

        Goraldeu eizue diran guztien Jainkoa, harrigarriak egin dauz-ta lurrean; Berak sortzen dau gizakia amaren sabelean, eta bere gogora eratzen. Berak eoan beizue bihotz jakintsua, eta bakea izan bedi nagusi zuen artean, Israelen gizaldi eta gizaldietan. Bego beti leial Haren errukia gugaz; eta gure egunotan salbau gaizala!


V/. 
Goresten zaitugu, Jauna, * Zure izena ospetsua da-ta.
R/.  Goresten zaitugu, Jauna, * Zure izena ospetsua da-ta.

V/.  Zeugandik dira ondasunak eta aintza.
R/.  Zure izena ospetsua da-ta

V/.  Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
R/.  Goresten zaitugu, Jauna, * Zure izena ospetsua da-ta.


Bened. ant. 
Goretsi eizue Jainkoa, salmoak, goratzarreak eta goi-arnasazko abestiak Berari bihotzez eta esker onez kantari.

Lk 1, 68-79

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbazino indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta ebazanen bidez;
    salbazinoa gure arerioen menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuakaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

 Ant. Goretsi eizue Jainkoa, salmoak, goratzarreak eta goi-arnasazko abestiak Berari bihotzez eta esker onez kantari.

 

Eskariak

        Eskerrak eman dezaizkiogun Jainkoari, bere doaiez bete gaituelako; eta gure eskuetako lanek fruitu ekar dezaten, eska dezaiogun:

Entzun, arren, Jauna.

     —Iguzu, Jauna, ekin deiegula gogor gure eginkizunei, * lana amaitzean, barriro ere eskerrak emon deizuguzan.

        —Agertu eiguzu zure aurpegi argia, eta emoiguzu bakea, * urtean zehar suma daigun, zure eskuaren babesa.

        —Emoiguzu zure betiko jakituria, geugaz egon dadin, * eta urte guztian geugaz lan egin daian.

        —Begira, Jauna, gure gogapen, hitz eta egiteak, * urte honetan, atsegin jatzuna bete daigun.

        —Baztertu zure begiak gure pekatuetatik, * eta garbitu gugan erru guztiak.

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian)

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

 

Otoitza

        Aita on-ona, maitasunez eta jakinduriaz gizonaren esku utzi zenuen lurra, landuz beretzat janaria izan zezan eta Zure aunditasunaren eta gizonarenganako arduraren aztarrenak aurki zitzan; eskerrak ematen dizkizugu Zugandik artu ditugun gauza on guztiengatik, eta egizu, jakin dezagula zure doai oiek erabiltzen, Zu goratzeko eta gure senideen onerako. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.

 

Amaierea

V/. Jauna zuekin.
R/. Eta zure Espirituarekin

V/. Bedeinkatu zaizela Jainko ahalguztidunak:
      Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Zoaze Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.