lunes, 7 de julio de 2025

0806_Jaunaren Antz-aldatzea

GORESPENAK

Agurra

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
     R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
      Hasieran zen bezala orain eta beti
      gizaldi eta gizaldietan. Amen. Aleluia.

 

Goratzarrea

JESUS, ONDASUN-ITURRI

Jesus, ondasun-iturri,
ur bizi, gogoen argi,
inungo pozgai guztien
gainetik Zu maitagarri. 

Opa zaitut mila bidez,
«noiz zatozkit, Jesus?» galdez,
Noiz poztuko nauzu behingo?
Noiz aseko zure onez? 

Ezin esan inork ahoz,
idatziz ere ezin eman,
gertatu zaionak daki
Jesus maitatzea zer dan. 

Jauna, geldi zakizkigu,
gogo hau argi bekigu;
Zuk argitasuna ohilduz
lurra pozarazten duzu. 

Aingeruen taldeak Zu
zeruan goresten zaitu;
mundu hau alaituz, Aitaz
gu Zuk paketzen gaituzu. 

Zakizkigu poz-atsegin,
gure sari zeruetan,
zakizkigu argitasun,
mende guztien mendetan.
Amen.
 

Salterioa

1 Ant. Jesu Kristo gure Jaunak aurpegia eguzkia baizen distiratsu eukan, eta soinekoak argia baizen zuri.

62 Salmoa

Jainko, neure Jainko zaitut,
    goizetik bilatzen zaitut,
    zeure egarriz daukat gogoa,
    zeure irrikaz haragia,
    lur idor, egarri, ur barik dirudi.

Egona nozu Zuri begira jauretxean,
    zure ospea ta indarra ikusi-nahian.
    Bizia baino hobea da-ta zure maitasuna,
    ezpanok zure goralpena egingo dabe.

Goretsiko zaitut bizi nazan artean,
    jasoko ditut eskuok zure izenean.
    Gurinez eta maminez lez beteko jat gogoa,
    ezpan-ikaraz goretsiko zaitu nire ahoak.

Zutaz oroitzen naz ohe-ganean,
    Zeu gogoratzen zaitut gauean.
    Zeu bihurtu zara-ta nire laguntzaile,
    pozez oihu dagit zure hegoen gerizpean.
    Nire gogoa Zuri itsatsia dago,
    zure eskoiak eutsita nago.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Jesu Kristo gure Jaunak aurpegia eguzkia baizen distiratsu eukan, eta soinekoak argia baizen zuri.

2 Ant. Gaur, Jauna antz-aldatu egin zan eta Aitaren berbotsak autormen egin eutson; Moises eta Elias aintzatan agertu ziran, eta Jesusegaz berbetan ziharduan, Harek Jerusalemen jasan behar eban heriotzaz.

Kantika: Dn 3, 57-88. 56

Jaunak egindako guztiak, bedeinkatu eizue Jauna:
     goretsi eta ospatu gizaldietan.
     Jaunaren aingeruak, bedeinkatu eizue Jauna;
     zeruak, bedeinkatu eizue Jauna.

Zeru-gaineko ur guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
    Jaunaren gudari guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Eguzki eta ilargi, bedeinkatu eizue Jauna;
    zeruko izarrak, bedeinkatu eizue Jauna.

Euri ta ihintz guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
    haize guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Su eta beroak, bedeinkatu eizue Jauna;
    hotz eta hotz-min, bedeinkatu eizue Jauna.

Ihintz eta langar, bedeinkatu eizue Jauna;
    izotz eta jelak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Aintziar eta edur, bedeinkatu eizue Jauna;
    gauak eta egunak, bedeinkatu eizue Jauna.

Argi eta ilunpeak, bedeinkatu eizue Jauna;
    tximist eta hodeiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Bedeinkatu bei Jauna lurrak:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.

Mendi eta muno, bedeinkatu eizue Jauna;
    lur ganean ernetzen diran guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Iturriak, bedeinkatu eizue Jauna;
    itsaso eta ibaiak, bedeinkatu eizue Jauna.

Baleak eta uretan dabiltzan guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
    zeruko hegazti guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Piztia eta abere guztiak, bedeinkatu eizue Jauna:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.

Giza-seme-alabak, bedeinkatu eizue Jauna;
    israeldarrak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Jaunaren abadeak, bedeinkatu eizue Jauna;
    Jaunaren morroiak, bedeinkatu eizue Jauna.

Espiritu eta arima zintzoak, bedeinkatu eizue Jauna;
    santu eta biotz-apalak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Ananias, Azarias, Misael, bedeinkatu eizue Jauna:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.

Bedeinkatu daiguzan Aita eta Semea Espiritu Santuarekin:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.
    Bedeinkatua Zu zeru-sabaian:
    aintza eta gorespen Zuri gizaldietan.

Ant. Gaur, Jauna antz-aldatu egin zan eta Aitaren berbotsak autormen egin eutson; Moises eta Elias aintzatan agertu ziran, eta Jesusegaz berbetan ziharduan, Harek Jerusalemen jasan behar eban heriotzaz.

3 Ant.  Legea Moisesen bidez emona izan da; profeta-hitza, Eliasen bidez; biak aintzatan agertu ziran Jaunagaz berbetan.

149 Salmoa

Kanta Jaunari kantu barri,
    haren gorespena zintzoen batzarrean entzun bedi.
    Poztu bedi Israel bere Egileagan,
    alaitu beitez siondarrak euren erregeagan.

 Goretsi beie Haren izena dantzarekin,
    egin beioe goratzarre zaldabai eta kitararekin.
    Maite dau-ta Jaunak bere herria,
    umilak ditu garaipenez jantziak.

 Goraldi horretaz zintzoak alaitu beitez,
    euren etzun-lekuetan oihu egin beie pozez.
    Bego Jainkoaren goralpena hareen eztarrietan,
    egon beitez aho biko ezpatak hareen eskuetan;

 atzerriengandik mendekua hartu daien,
    herriak zigortu daiezan;
    hareen erregeak lotu daiezan katez,
    hareen handikiak, burdin-uztaiez.

 Idatzirik dagoan epaia jazo bedi:
    gorapide hau dagokie Haren zintzo guztiei.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Legea Moisesen bidez emona izan da; profeta-hitza, Eliasen bidez; biak aintzatan agertu ziran Jaunagaz berbetan.

 

Jainkoaren hitza

Apk 21, 10. 23

      Hartu ninduan aingeruak, eta espirituz mendi handi goi batera eroan ninduan, eta Jerusalem uri santua erakutsi eustan, zerutik Jainkoagandik jaisten. Uriak ez dau, ez eguzki, ez ilargi-beharrik, argitan egoteko; Jainkoaren aintzak argitzen dau, eta Bildotsa dau bere argi-ontzi.

R/.      Ospez eta aintzaz koroitu dozu, Jauna. * Alleluia, alleluia. Ospez.
V/.     
Zure esku-lan guztien buru ipini dozu. Alleluia.
           Aintza Aitari. 
Ospez.

Bened. ant.  Hodeitik ahots bat entzun zan: Hauxe da nire Semea, nire Maitea; Beronengan dot nire atsegina. Entzun eiozue, alleluia.

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbazino indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan-eta berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta ebazanen bidez;
    salbamena gure arerioen menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Hodeitik ahots bat entzun zan: Hauxe da nire Semea, nire Maitea; Beronengan dot nire atsegina. Entzun eiozue, alleluia.


Eskariak

      Mendian bere ikasleen aurrean harrigarriro antz-aldatu zan gure Salbatzaileari uste osoz eskatu deiogun:

Zure argitan, Jauna, ikusi daigula argia. 

      —Aita guztiz ona, zure Seme maitea antz-aldatu zenduan eta zure Espiritu Santua hodei argitsuan agertu: * iguzu, Kristoren hitza zintzo entzun daigula.

      —Jainko Jauna, hautatuak zure etxeko aberastasunez asetzen dituzu, eta zure atseginez gainezka beteten: * iguzu, Kristoren gorputzean biziaren iturria aurkitu daigula.

      —Jainko Jauna, ilunpetatik argi distiratsua sortu zenduan, eta Kristoren aurpegian zure distira ikusteko argitu ginduzuzan: * biztu eizu gure bihotzetan, zure Semea ikusteko egarri
bizia.

      —Jainko Jauna, zure dei santuaz iragarri deuskuzu, orain Jesu Kristoren bidez azaldu deuskuzun graziaren arabera: * iguzu, barri onaren bitartez gizon-emakume guztiek izan daiela betiko biziaren argia.

      —Aita guztiz maitagarria, guri zure seme-alaba izena eta izana emoteraino maite gaituzu: * iguzu Kristo azaldu daitenean, Haren antzeko izan gaitezala.

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).

Gure Aita zeruetan zarana,
    santu izan bedi zure izena,

    etor bedi zure erreinua,
    egin bedi zure nahia 
    zeruan bezela lurrean ere. 
    Emoiguzu gaur egun honetako ogia, 
    parkatu gure zorrak 
    geuk ere geure zordunei 
    parkatzen deutsegun ezkero, 
    ez eiguzu itzi tentazinoan jausten 
    baina atara gagizuz gatxetik.


Otoitza

Jainko Jauna, zure Semearen Antz-aldatzean, Moises eta Elias testigu zirala, fedeko misterioak sendotu zenduzan, eta zure seme-alaba egingo ginduzuzala harrigarriro adierazo; egizu, zeure Seme maitearen hitza entzun daigula, Haregaz zeruko zorionean parte izan daigun. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta gizaldi eta gizadietan. 

Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.