lunes, 17 de febrero de 2025

0319_San Jose

GORESPENAK

Agurra

V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/.  Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/.  Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
        Hasieran zen bezala orain eta beti
        gizaldi eta gizaldietan. Amen. Alleluia!

 

Goratzarrea

Kristo berbiztuaren  ⁄⁄ Espiritu-baitan,
zer familia dugun osatzen Elizan!

Esker onezko kantuz /  dezaiogun ekin,
Zuk emanikan dugu, / bizia gurekin;
Zuk diozu lurrari / errotik eragin,
Zuk diguzu mundua / bihurtu atsegin.

Denok gabiltza, Jauna, / lanean pozturik,
senitarte zintzoan / ongi elkarturik;
ez dezagun jadanik / sesio-biderik
Kristo-baitan berpiztu / geranez geroztik.

Lurralde hontan, Jauna, / izan gaitezen gu
herri berria eta / erresuma santu,
berritu den munduko / apaiz ta testigu,
gizonentzako zure / argi distiratsu.

 

1 Ant. Artzainak lasterka joan ziran, eta hantxe aurkitu ebezan Maria eta Jose, eta seina askan etzunda.

62 Salmoa

Jainko, neure Jainko zaitut,
    goizetik bilatzen zaitut,
    zeure egarriz daukat gogoa,
    zeure irrikaz haragia,
    lur idor, egarri, ur barik dirudi.

Egona nozu Zuri begira jauretxean,
    zure ospea ta indarra ikusi-nahian.
    Bizia baino hobea da-ta zure maitasuna,
    ezpanok zure goralpena egingo dabe.

Goretsiko zaitut bizi nazan artean,
    jasoko ditut eskuok zure izenean.
    Gurinez eta maminez lez beteko jat gogoa,
    ezpan-ikaraz goretsiko zaitu nire ahoak.

Zutaz oroitzen naz ohe-ganean,
    Zeu gogoratzen zaitut gauean.
    Zeu bihurtu zara-ta nire laguntzaile,
    pozez oihu dagit zure hegoen gerizpean.
    Nire gogoa Zuri itsatsia dago,
    zure eskoiak eutsita nago.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Artzainak lasterka joan ziran, eta hantxe aurkitu ebezan Maria eta Jose, eta seina askan etzunda.

 

2. Ant. Jose eta Maria, Jesusen ama, harriturik egozan, umeagaitik esaten ziranakaz, eta Simeonek bedeinkatu egin ebazan.

Kantika: Dn 3, 57-88. 56

Jaunak egindako guztiak, bedeinkatu eizue Jauna:
     goretsi eta ospatu gizaldietan.
     Jaunaren aingeruak, bedeinkatu eizue Jauna;
     zeruak, bedeinkatu eizue Jauna.

Zeru-gaineko ur guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
    Jaunaren gudari guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Eguzki eta ilargi, bedeinkatu eizue Jauna;
    zeruko izarrak, bedeinkatu eizue Jauna.

Euri ta ihintz guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
    haize guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Su eta beroak, bedeinkatu eizue Jauna;
    hotz eta hotz-min, bedeinkatu eizue Jauna.

Ihintz eta langar, bedeinkatu eizue Jauna;
    izotz eta jelak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Aintziar eta edur, bedeinkatu eizue Jauna;
    gauak eta egunak, bedeinkatu eizue Jauna.

Argi eta ilunpeak, bedeinkatu eizue Jauna;
    tximist eta hodeiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Bedeinkatu bei Jauna lurrak:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.

Mendi eta muno, bedeinkatu eizue Jauna;
    lur ganean ernetzen diran guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Iturriak, bedeinkatu eizue Jauna;
    itsaso eta ibaiak, bedeinkatu eizue Jauna.

Baleak eta uretan dabiltzan guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
    zeruko hegazti guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Piztia eta abere guztiak, bedeinkatu eizue Jauna:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.

Giza-seme-alabak, bedeinkatu eizue Jauna;
    israeldarrak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Jaunaren abadeak, bedeinkatu eizue Jauna;
    Jaunaren morroiak, bedeinkatu eizue Jauna.

Espiritu eta arima zintzoak, bedeinkatu eizue Jauna;
    santu eta biotz-apalak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Ananias, Azarias, Misael, bedeinkatu eizue Jauna:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.

Bedeinkatu daiguzan Aita eta Semea Espiritu Santuarekin:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.
    Bedeinkatua Zu zeru-sabaian:
    aintza eta gorespen Zuri gizaldietan.

Ant. Jose eta Maria, Jesusen ama, harriturik egozan, umeagaitik esaten ziranakaz, eta Simeonek bedeinkatu egin ebazan.

 

3. Ant. Jagi zan Jose, hartu ebazan seina eta ama gauez, eta Egiptora joan zan eta hantxe egon, Herodes hil arte.

149 Salmoa

Kanta Jaunari kantu barri,
    haren gorespena zintzoen batzarrean entzun bedi.
    Poztu bedi Israel bere Egileagan,
    alaitu beitez siondarrak euren erregeagan.

 Goretsi beie Haren izena dantzarekin,
    egin beioe goratzarre zaldabai eta kitararekin.
    Maite dau-ta Jaunak bere herria,
    umilak ditu garaipenez jantziak.

 Goraldi horretaz zintzoak alaitu beitez,
    euren etzun-lekuetan oihu egin beie pozez.
    Bego Jainkoaren goralpena hareen eztarrietan,
    egon beitez aho biko ezpatak hareen eskuetan;

 atzerriengandik mendekua hartu daien,
    herriak zigortu daiezan;
    hareen erregeak lotu daiezan katez,
    hareen handikiak, burdin-uztaiez.

 Idatzirik dagoan epaia jazo bedi:
    gorapide hau dagokie Haren zintzo guztiei.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Jagi zan Jose, hartu ebazan seina eta ama gauez, eta Egiptora joan zan eta hantxe egon, Herodes hil arte.

 

Jainkoaren hitza

2 Sm 7, 28-29

      Zu, Jauna, Jainkoa zera, zure hitzak egiazkoak dira eta Zeuk egin deutsazu zure zerbitzariari agintzari hau. Bedeinkatu eizu, ba, zure zerbitzariaren etxea, betiko iraun daian zure aurrean. Eta Zuk halan esan dozun ezkero, Jauna, bedeinkatua izan bedi betiko zure zerbitzariaren etxea.

 

R/.  Jaunak bere etxe-nagusi * eban hautatu. Jaunak.
V.    Eta bere ondasun guztien buru. Eban hautatu.
        Aintza Aitari. Jaunak.
 

Bened. ant. Nazaret izeneko herrian gelditu zan bizi izaten Jose, profetek Jesusentzat esan ebena bete eiten: Nazaretarra deituko deutsoe.

Lk 1, 68-79

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbamen indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan-eta berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta ebazanen bidez;
    salbamena gure arerioen menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Nazaret izeneko herrian gelditu zan bizi izaten Jose, profetek Jesusentzat esan ebena bete eiten: Nazaretarra deituko deutsoe.

 

Eskariak

      Egin diogun otoitz gizakiak Santu egiten dauzan Jaunari, esanez:

Biziazo gaizuz, Jauna, zeure ontasunean.

      —Sinismenean gure guraso ziranak Zeuk deitu zenduzan, Jainko Jauna, zure aurrean bihotz osoz ibili eitezan; * egizu, harei jarraituz, Zeuk agindu lez on-onak izan gaitezala.

      —Jose gizon Zuzena aukeratu zenduan, zure Semea bere umezaro eta gaztaroan mantentzeko; * iguzu, gure senideei zerbitzu eginez, Kristoren gorputzari zerbitu deiogula.

      —Gizakiari emon zeuntsan lurra, bera bete eian eta menpean euki; * iguzu, lur honetan gogoz lan egin daigula, beti Zure aintza bilatuz.

      —Guztion Aita, gogoan izan Zuk egindakoak, * eta emon guztioi, lan baketsua, eguneroko ogia eta bizimodu egokia.

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.


Otoitza

         Jainko ahalguztiduna, gizadi barriaren hasieran, Kristo Salbatzailearen zaintzaile leial egin zenduan Jose santua; egizu, honen otoitzez, Eleizeak ere leial zaindu daiala Jesu Kristoren salbamen-misterioa, eta bere betera eroan.


Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean. Alleluia, Alleluia.
R/. Eskerrak Jainkoari. Alleluia, Alleluia.