jueves, 13 de febrero de 2025

0222_San Pedroren Gotzain-Aurkia

GORESPENAK

Agurra

V/.  Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/.  Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/.  Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
        Hasieran zen bezala orain eta beti
        gizaldi eta gizaldietan. Amen. Aleluia!

 

Goratzarrea

 R/.     Kristo berpiztuaren lekuko zaretenok, 
           zaindu Jainko-herria
           fedean eta batasunean.

Gure fedea eri denean,
nora jo, zuengana ezik?
Zuek zaituztegu lekuko eta zaintzaile.
Zuek hotsegin duzue askatasunez
hasieran bazena,
zeuron begiz ikusia,
eta zeuron eskuz ukitua:
Biziaren hitza.

Gure kezkak eta esperantzak,
non bakerik, zuengan ezik?
Zuek zaituztegu Elizaren oinarri,
zuek ikusi duzue berbiztua den Jauna,
zuek entzun Espiritua,
suz eta hitzez azaltzen
Kristoren misterioa,
betidanik Jainkoarengan
ezkutu zegoen misterioa.


1 Ant. Jaunak hauxe esan eutson Simoni: Ez izan bildurrik; hemendik aurrera giza-arrantzale izango zara.

62 Salmoa

Jainko, neure Jainko zaitut,
    goizetik bilatzen zaitut,
    zeure egarriz daukat gogoa,
    zeure irrikaz haragia,
    lur idor, egarri, ur barik dirudi.

Egona nozu Zuri begira jauretxean,
    zure ospea ta indarra ikusi-nahian.
    Bizia baino hobea da-ta zure maitasuna,
    ezpanok zure goralpena egingo dabe.

Goretsiko zaitut bizi nazan artean,
    jasoko ditut eskuok zure izenean.
    Gurinez eta maminez lez beteko jat gogoa,
    ezpan-ikaraz goretsiko zaitu nire ahoak.

Zutaz oroitzen naz ohe-ganean,
    Zeu gogoratzen zaitut gauean.
    Zeu bihurtu zara-ta nire laguntzaile,
    pozez oihu dagit zure hegoen gerizpean.
    Nire gogoa Zuri itsatsia dago,
    zure eskoiak eutsita nago.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Jaunak hauxe esan eutson Simoni: Ez izan bildurrik; hemendik aurrera giza-arrantzale izango zara.

 

2. Ant. Zu, Mesias zara, Jainko biziaren Semea. Zorionekoa zu, Simon Jonasen semea!

Kantika: Dn 3, 57-88. 56

Jaunak egindako guztiak, bedeinkatu eizue Jauna:
     goretsi eta ospatu gizaldietan.
     Jaunaren aingeruak, bedeinkatu eizue Jauna;
     zeruak, bedeinkatu eizue Jauna.

Zeru-gaineko ur guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
    Jaunaren gudari guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Eguzki eta ilargi, bedeinkatu eizue Jauna;
    zeruko izarrak, bedeinkatu eizue Jauna.

Euri ta ihintz guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
    haize guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Su eta beroak, bedeinkatu eizue Jauna;
    hotz eta hotz-min, bedeinkatu eizue Jauna.

Ihintz eta langar, bedeinkatu eizue Jauna;
    izotz eta jelak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Aintziar eta edur, bedeinkatu eizue Jauna;
    gauak eta egunak, bedeinkatu eizue Jauna.

Argi eta ilunpeak, bedeinkatu eizue Jauna;
    tximist eta hodeiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Bedeinkatu bei Jauna lurrak:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.

Mendi eta muno, bedeinkatu eizue Jauna;
    lur ganean ernetzen diran guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Iturriak, bedeinkatu eizue Jauna;
    itsaso eta ibaiak, bedeinkatu eizue Jauna.

Baleak eta uretan dabiltzan guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
    zeruko hegazti guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Piztia eta abere guztiak, bedeinkatu eizue Jauna:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.

Giza-seme-alabak, bedeinkatu eizue Jauna;
    israeldarrak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Jaunaren abadeak, bedeinkatu eizue Jauna;
    Jaunaren morroiak, bedeinkatu eizue Jauna.

Espiritu eta arima zintzoak, bedeinkatu eizue Jauna;
    santu eta biotz-apalak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Ananias, Azarias, Misael, bedeinkatu eizue Jauna:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.

Bedeinkatu daiguzan Aita eta Semea Espiritu Santuarekin:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.
    Bedeinkatua Zu zeru-sabaian:
    aintza eta gorespen Zuri gizaldietan.

Ant. Zu, Mesias zara, Jainko biziaren Semea. Zorionekoa zu, Simon Jonasen semea!

 

3. Ant. Jaunak hauxe esan eutson Pedrori: Zeuri emongo deutsudaz zeruetako erreinuaren giltzak.

149 Salmoa

Kanta Jaunari kantu barri,
    haren gorespena zintzoen batzarrean entzun bedi.
    Poztu bedi Israel bere Egileagan,
    alaitu beitez siondarrak euren erregeagan.

 Goretsi beie Haren izena dantzarekin,
    egin beioe goratzarre zaldabai eta kitararekin.
    Maite dau-ta Jaunak bere herria,
    umilak ditu garaipenez jantziak.

 Goraldi horretaz zintzoak alaitu beitez,
    euren etzun-lekuetan oihu egin beie pozez.
    Bego Jainkoaren goralpena hareen eztarrietan,
    egon beitez aho biko ezpatak hareen eskuetan;

 atzerriengandik mendekua hartu daien,
    herriak zigortu daiezan;
    hareen erregeak lotu daiezan katez,
    hareen handikiak, burdin-uztaiez.

 Idatzirik dagoan epaia jazo bedi:
    gorapide hau dagokie Haren zintzo guztiei.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Jaunak hauxe esan eutson Pedrori: Zeuri emongo deutsudaz zeruetako erreinuaren giltzak.

 

Jainkoaren hitza

Eg 15, 7b-9

      Jaungoikoak aspalditik aukeratu ninduan, jentilek barri onaren hitza nire ahotik entzun eien eta sinistu. Eta bihotzen barri dakian Jainkoak, hareen alde autormen egin dau, guri lez harei ere Espiritu Santua emonez; eta ez dau hareen eta gure artean ezelango bereizkuntzarik egin, hareen bihotzak ere garbitu dauz-eta sinismenez.

 

R/.  Lurbira osoan * nagusi ipiniko dituzu. Lurbira.
V/.  Gizaldiz gizaldi gogoratuazoko dabe, Jauna, zure izena. Nagusi.
R/.  Aintza Aitari. Lurbira.


Bened. ant. Jaunak hauxe esan eutson Simon Pedrori: Nik otoitz egin dot zuretzat, zure fedea amatau ez daiten. Eta zuk, bihotz-barritu zaitezanean, sendotu eizuz zure senideak.

Lk 1, 68-79

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;

    salbamen indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan-eta berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta ebazanen bidez;
    salbamena gure arerioen menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Bened. ant.  Jaunak hauxe esan eutson Simon Pedrori: Nik otoitz egin dot zuretzat, zure fedea amatau ez daiten. Eta zuk, bihotz-barritu zaitezanean, sendotu eizuz zure senideak.

Eskariak

      Zeru-ondarea Apostoluen bidez dogula, emon deioguzan eskerrak gure Aitari, hartutako dohai guztiakaitik, esanez:

Apostoluen taldeak goresten zaitu, Jauna.

        —Gorespen Zuri, Jauna, Apostoluek ekarri deuskuen zure Semearen gorputz-odolen mahaiagaitik: * hortxe dogu-ta janaria eta bizia.

      —Gorespen Zuri, Jauna, Apostoluek jarri deuskuen zure hitzaren mahaiagaitik: * hortxe dogu-ta argia eta poza.

      —Gorespen Zuri, Jauna, Apostoluen ganean jasotako zure Eleiza santuagatik, * horretan guztiok gorputz bat egiten dogu-ta.

      —Gorespen Zuri, Jauna, Apostoluen eskuetan jarri zenduzan Bateoko eta Autortzako sakramentuakaitik: * horreen bidez pekatu guztietatik garbitzen gara-ta.

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.


Otoitza

         Pedro Apostoluaren sinismen-autormenaren harkatx-ganean oinarritu zenduan, Jauna, zure Eleizea; iguzu, arren, ezelango arriskuk ez gaizala dardaratuzo zure sinismenean. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta gizaldi eta gizaldietan.

Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean. Aleluia, aleluia.
R/. Eskerrak Jainkoari. Aleluia, aleluia.