Mariarenak

GORESPENAK

Agurra

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
      Hasieran zen bezala orain eta beti
      gizaldi eta gizaldietan. Amen. Aleluia.

 

Goratzarrea


MARIA, GURE OIHUAK

             (Edo beste bat aukeratu)

Maria, gure oihuak
maitez entzuten dituzu:
eskean gatozkizunoi,
arren, lagun egiguzu.

Pekatupean bagaude,
lagundu kateak hausten;
lagundu gure bihotzen
lotura txarrak eteten.

Lagundu, munduak inoiz
bagauzka liluraturik,
arima gal ez dezagun
zeru-bidea utzirik.

Eman esku, gorputzeko
gaitzik datorkigunean;
bake-egunak ditzagula
betiko argira artean.

Ez utzi heriotzean
semeok laguntza gabe,
zurekin egin gaitezen
betiko sarien jabe.

Aintza Aitari, Semeari,
aintza Espirituari,
graziaz jantzi zaituen
Hirutasun santuari. Amen.

 

Antifonak, Salmoak, Kantika… (astearen egunekoak)

________________

 

Jainkoaren hitza

     Pozez beterik nauka Jaunak, nire arimea Jainkoarekin alai daukat; osasun-soinekoz jantzi nau, garaipen-estalkiz apaindu, edergailuz apaintzen dan andragaia lez. 


R/.  Bera izan eban nahiago Jaunak, * eta aukeratu egin eban. Bera.
V/.  Eta Harek bere txabola santuan bizi izanazo eban. Eta.
        Aintza Aitari. Bera.

Bened. ant.  Ebak itxi ebazan guztiontzat zeruko ateak, eta Maria Birjinak zabaldu.

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbazino indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta zituenen bidez;
    salbazinoa gure etsaien menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Ebak itxi ebazan guztiontzat zeruko ateak, eta Maria Birjinak zabaldu.

 

Eskariak

     Ospatu daigun Maria Birjinagandik jaio zan gure Salbatzailea, eta esan deiogun bihotzez:

Zure Amak, Jauna, otoitz egin bei gure alde.

     —Zuzentasun-eguzki zaran Jesus: Birjina guztiz garbia, egunsentia lez etorri zan zure aurretik; * egizu, zure argiak argiturik ibili gaitezala beti.

     —Betiko Hitza, Zuk Maria aukeratu zenduan, zure bizileku ustel-ezina izan eiten: * zaindu gaizuz pekatuaren ustelkeriatik.

     —Gure Salbatzaile, zeure ama izan zenduan kurutzearen ondoan: * egizu, Berak lagunduz, zure nekeetan gogoz izan daigula parte.

     —Jesus guztiz ona, kurutzean zintzilik zengozala, Maria amatzat emon zeuntsan Joan apostoluari: * egizu, haren seme-alaba zintzo lez bizi izan gaitezala.

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).   

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

 

Otoitza

      Maria Birjina guztiz santuaren oroipena ospatzen dogunoi, Jauna, emoiguzu, haren otoitzez, zure graziaren betetik.  Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.

 

Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.