Gorespenak
Agurra
V/.
Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.
V/. Aintza Aitari eta Semeari
eta Espiritu Santuari.
Hasieran zen bezala
orain eta beti
gizaldi eta gizaldietan. Amen.
Aleluia.
Goratzarrea
ZUEK ZERATE MUNDUAN ARGI
Zuek zerate munduan argi,
lurrean gatz bizigarri.
Mendi-gainean hiri dirdaitsu,
ore berrian azkarri.
Zuek zerate mahats-aihenak;
Ni, berriz, mahatsondoa.
Aitak inausi-aihenak dakar
mahats-biltze oparoa.
Zuek zerate gertu dagoen
erresumako ondasun,
itaitzean zut iraungo duten
hamabi mila seiludun.
Garbi ta pobre zeratenona
bai bide zoriontsua,
zuena bait da bortxaz bakarrik
irixten den erreinua!
1 Ant. Joan izango dau izena. Haren jaiotzak jente asko poztuko dau.
62 Salmoa
Jainko, neure Jainko zaitut,
goizetik bilatzen zaitut,
zeure egarriz daukat gogoa,
zeure irrikaz haragia,
lur idor, egarri, ur barik dirudi.
Egona nozu Zuri begira jauretxean,
zure ospea ta indarra ikusi-nahian.
Bizia baino hobea da-ta zure maitasuna,
ezpanok zure goralpena egingo dabe.
Goretsiko zaitut bizi nazan artean,
jasoko ditut eskuok zure izenean.
Gurinez eta maminez lez beteko jat gogoa,
ezpan-ikaraz goretsiko zaitu nire ahoak.
Zutaz oroitzen naz ohe-ganean,
Zeu gogoratzen zaitut gauean.
Zeu bihurtu zara-ta nire laguntzaile,
pozez oihu dagit zure hegoen gerizpean.
Nire gogoa Zuri itsatsia dago,
zure eskoiak eutsita nago.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Joan izango dau izena. Haren jaiotzak jente asko poztuko dau.
2 Ant. Jaunaren aurretik ibiliko da, Eliasen espirituaz eta indarrez, Jaunarentzat herri egoki bat prestatzen.
Kantika: Dn 3, 57-88. 56
Jaunak egindako guztiak, bedeinkatu eizue Jauna:
goretsi eta ospatu gizaldietan.
Jaunaren aingeruak, bedeinkatu eizue Jauna;
zeruak, bedeinkatu eizue Jauna.
Zeru-ganeko ur guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
Jaunaren gudari guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
Eguzki eta ilargi, bedeinkatu eizue Jauna;
zeruko izarrak, bedeinkatu eizue Jauna.
Euri ta ihintz guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
haize guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
Su eta beroak, bedeinkatu eizue Jauna;
hotz eta hotz-min, bedeinkatu eizue Jauna.
Ihintz eta langar, bedeinkatu eizue Jauna;
izotz eta jelak, bedeinkatu eizue Jauna.
Aintziar eta edur, bedeinkatu eizue Jauna;
gauak eta egunak, bedeinkatu eizue Jauna.
Argi eta ilunpeak, bedeinkatu eizue Jauna;
tximist eta hodeiak, bedeinkatu eizue Jauna.
Bedeinkatu bei Jauna lurrak:
goretsi eta ospatu gizaldietan.
Mendi eta muno, bedeinkatu eizue Jauna;
lur ganean ernetzen diran guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
Iturriak, bedeinkatu eizue Jauna;
itsaso eta ibaiak, bedeinkatu eizue Jauna.
Baleak eta uretan dabiltzan guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
zeruko hegazti guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
Piztia eta abere guztiak, bedeinkatu eizue Jauna:
goretsi eta ospatu gizaldietan.
Giza-seme-alabak, bedeinkatu eizue Jauna;
israeldarrak, bedeinkatu eizue Jauna.
Jaunaren abadeak, bedeinkatu eizue Jauna;
Jaunaren morroiak, bedeinkatu eizue Jauna.
Espiritu eta arima zintzoak, bedeinkatu eizue Jauna;
santu eta bihotz-apalak, bedeinkatu eizue Jauna.
Ananias, Azarias, Misael, bedeinkatu eizue Jauna:
goretsi eta ospatu gizaldietan.
Bedeinkatu daiguzan Aita eta Semea Espiritu Santuarekin:
goretsi eta ospatu gizaldietan.
Bedeinkatua Zu zeru-sabaian:
aintza eta gorespen Zuri gizaldietan.
Ant. Jaunaren aurretik ibiliko da, Eliasen espirituaz eta indarrez, Jaunarentzat herri egoki bat prestatzen.
3 Ant. Zu, seina, Goi-goikoaren profeta deitua izango zara.
149 Salmoa
Kanta Jaunari kantu barri,
haren gorespena zintzoen batzarrean entzun bedi.
Poztu bedi Israel bere Egileagan,
alaitu beitez siondarrak euren erregeagan.
Goretsi beie Haren izena dantzarekin,
egin beioe goratzarre zaldabai eta kitararekin.
Maite dau-ta Jaunak bere herria,
umilak ditu garaipenez jantziak.
Goraldi horretaz zintzoak alaitu beitez,
euren etzun-lekuetan oihu egin beie pozez.
Bego Jainkoaren goralpena hareen eztarrietan,
egon beitez aho biko ezpatak hareen eskuetan;
atzerriengandik mendekua hartu daien,
herriak zigortu daiezan;
hareen erregeak lotu daiezan katez,
hareen handikiak, burdin-uztaiez.
Idatzirik dagoan epaia jazo bedi:
gorapide hau dagokie Haren zintzo guztiei.
Aintza Aitari eta Semeari,
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Zu, seina, Goi-goikoaren profeta deitua izango zara.
Ml 4, 5-6
Hara, Elias profetea bialtzen deutsuet, Jaunaren egun handi izugarria etorri baino lehen. Gurasoen bihotzak seme-alabengana bihurtuko ditu, eta seme-alabenak gurasoengana, lurra hondatzera etorri ez nadin.
R/. Handia izango da Jaunaren aurrean, * eta Espiritu Santuaz beteko da. Handia.
V/. Jaunaren aurretik ibiliko da, Harentzat herri egoki bat prestatzen. Eta Espiritu. Aintza Aitari. Handia.
Bened. ant. Askatu jakon Zakariasi mihina, eta, profeta lez berba eginda, esan eban: Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa!
Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
agertu eta bere herria askatu dauana;
salbamen indarra deusku emon,
bere morroi Dabiden etxean.
Halan eukan-eta berbea emonda bere santuen bidez,
behinola bere profeta ebazanen bidez;
salbamena gure arerioen menpetik,
gorroto deuskuen guztien eskutik.
Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
bere alkarte santuaz oroiturik;
egin eutson-eta gure guraso Abrahami zin-hitza,
Berak emongo euskula.
Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
izan gaitezan Haren zerbitzari;
zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
gure egun guztietan.
Zu, barriz, seina,
Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
Hari bidea prestatzera;
erakustearren Haren herriari salbamena,
euren pekatuen parkamena.
Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
gure oinok bake-bidean zuzentzera.
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen.
Ant. Askatu jakon Zakariasi mihina, eta, profeta lez berba eginda, esan eban: Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa!
Eskariak
Egin deiogun otoitz Kristori, bere aurretik bideak urratzera Joan bialdu ebanari, uste osoz esanez:
Agertu zakiguz, goi-goietatik agertzen zaran eguzki.
—Joani bere amaren sabelean pozez jauzi eginazo zeutsan Horrek, * egizu, Zu mundu honetara etortzeak beti poztu gaizala.
—Bateatzailearen hitzez eta bizitzaz damu-bidea erakutsi zeuskun; * bihurtu gure bihotzak zure erreinuko aginduetara.
—Jauna, gizon batek Zure barri emotea nahi izan zendun, * bialdu eizuz lurbira osora barri onaren zabaltzaileak.
—Jauna, Jordanen Joanek bere eskuz bateatu zinduzan, zuzentasuna bete zedin; * egizu, guk ere zure erreinuko zuzentasunaren alde lan egin daigula.
(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).
Gure
Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.
Otoitza
Egizu, Jainko ahalguztiduna, zure familia salbameneko bidetik ibili daitela, Joan Bateatzailearen deiari jarraituz, pozez heldu daiten, harek aurretik erakutsi eban zure Seme Jesu Kristo gure Jaunagana. Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta gizaldi eta gizaldietan.
Amaierea
V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu
Santuak.
R/. Amen.
V/.
Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.