martes, 28 de octubre de 2025

1102_Hildako fededunen oroipena

GORESPENAK

Agurra

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
     Hasieran zen bezala orain eta beti
     gizaldi eta gizaldietan. Amen. Aleluia.

 

HAUTSI ZENUEN

Hautsi zenuen / infernuetan / den indarra:
Haren menpetik / Zuk, otoi, Jauna, / gu atera.

Zu zeralako / jaitsi zena
ilunpetako / hilengana.

Hildakoek han / Zugandik hartu / zuten argi;
haien aurrean / agertu zinen / ikusgarri.

Guztiak Zuri / goraka ziren / oihuz ari:
etorri zera, / Salbatzailea. / Agur Zuri! 

Hildakoek han / Zugandik hartu / zuten argi;
haien aurrean / agertu zinen / ikusgarri.
 

Beti-betiko / zoriona
gure hileri / eman, Jauna.
Betiko argi / zabalean
zure argiak / argi ditzan
Zu zeralako / jaitsi zena
ilunpetako / hilengana. 

Hildakoek han / Zugandik hartu / zuten argi;
haien aurrean / agertu zinen / ikusgarri.

 

1 Ant.  Jauzi egingo dabe Jaunagan, xehatu dituzun hazurrok.

 50 Salmoa

Erruki zakidaz, Jainko, dozun maitasun handiaz,
      birrindu eizu nire akatsa zure amaibako errukiaz.
      Garbitu naizu zehatz nire hobenetik,
      ikuzi naizu nire gaiztakeriatik. 

Nire bihurrikeria ezagutzen dot-eta,
      nire hobena beti dot-eta begien aurrean.
      Zeuri egin deutsut pekatu, Zeuri baino ez,
      zure begietan oker dana egin dot nik. 

Zuzen agertuko zara auzian,
      zintzo zure epaian.
      Hobendun sortua naz izan ere,
      pekatuan ninduan amak erne. 

Zuri, ostera, bihotz leiala atsegin jatzu,
      bihotz-munean zuhurtasuna irakasten deustazu.
      Busti naizu isipuz, eta garbi geldituko naz,
      ikuzi naizu, eta edurra baino zuriago geldituko naz. 

Entzunazo poza eta atsegina niri;
      xehatu dozuzan hazurrok egin beie jauzi.
      Aurpegi hori nire hobenetatik alderatu eizu,
      nire akats guztiak birrindu eizuz. 

Bihotz garbi bat, Jainko, sortu eizu nigan,
      arnasa bizkorra barritu eizu nire barruan.
      Ez naizu urrundu zure aurretik,
      zure arnasa santua ez kendu niri. 

Zure salbamenaren poza bihurtu eidazu,
      zure arnasa zabalez sendotu naizu.
      Erakutsiko deutsedaz gaiztoei zure bideak,
      Zeugana bihurtuko dira pekatariak. 

Atara ni odol-zigorpetik, Jainko,
      Jainko, ene salbatzaile;
      eta nire ezpanek zure zuzentasuna
      pozetan zabalduko dabe. 

Edegiko deustazuz ezpanok, Jauna,
      eta nire ahoak iragarriko dau zure gorespena.
      Ez jatzu-ta atsegin oparirik,
      erre-opariak ez zendukez hartuko, nik emonik. 

Nire oparia, Jainko, bihotz damutua:
      ez deutsazu muzin egingo, Jainko,
      bihotz damutu eta umilduari. 

Agertu zaitez, Jauna, onbera Sionekin,
      Jerusalemgo harresiak barritu eizuz.
      Orduan onartuko dozuz
      legezko opari, emari eta erre-opariak;
      orduan izango dira zekorrak zure altaran eskeiniak. 

Aintza Aitari eta Semeari,
      eta Espiritu Santuari.
      Lehen lez, orain eta beti,
      eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant. Jauzi egingo dabe Jaunagan, xehatu dituzun hazurrok.

 

2 Ant.  Atara naizu bizirik, Jauna, Lezaren menpetik.

Kantika: Is 38, 10-14. 17-20

Holan ninoan: «Joan beharrean nago nire egunen erdian;
Lezako ateetan itziko nabe
gelditzen jatazan urteetan».

Holan ninoan:
«Ez dot barriro Jauna ikusiko bizien lurrean,
ez dot barriro gizakirik ikusiko lurtarren artean.

Erauzi eta kendu egin deuste bizilekua,
artzainen oihal-txabola lez;
ehuleek lez hariltzen neban nire bizia,
eta moztu egin deustazu haria».

Gau ta egun hondatzen nozu,
goizera arte oihuka naukazu.
Lehoi batek lez, hazur guztiak xehatzen deustazuz.

Txioka dihardut elaia lez,
urruka usoa lez;
makaltzen jataz begiok gora begira;
Jauna, larri naz, heldu zakidaz!»

Hara, osasun bihurtu da nire gaixoaldia,
Zeuk gorde dozu-ta heriotza-zulotik nire bizia,
zeure atzera jaurti dozuz nire hoben guztiak.

Ez zaitu, ez, Lezeak eskertzen,
ez Heriotzeak goresten,
zulora doazenek ez dabe zure leialtasuna itxaroten.
Bizidunak, bizidunak baino ez zaitu eskertzen,
neuk orain lez;
aitak iragartzen deutse seme-alabei zure leialtasuna.

Zatorkidaz, Jauna, salbatzera,
eta joko dogu soinua, Jaunaren etxean,
bizi garan egun guztietan.

Aintza Aitari eta Semeari
eta Espiritu Santuari.
Lehen lez, orain eta beti,
eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant.  Atara naizu bizirik, Jauna, Lezaren menpetik.

3 Ant.  Goretsiko dot Jauna bizi nazan artean.

145 Salmoa

Goretsi eizu Jauna, ene barrua,
     goretsiko dot Jauna bizi nazan artean,
     eresi egingo deutsat Jainkoari ni nazan artean.

Itxaropenik ez ipini nagusiengan,
     salbamenik ez dakarren gizonagan.
     Arnasa galtzean hauts bihurtuko da,
     orduan desegingo dira haren asmoak.

Bai dohatsu, Jakoben Jainkoa lagun dauana,
     Jaunagan, bere Jainkoagan, uste on jarri dauana.
     Bera da, zerua ta lurra,
     itsasoa eta han dagozan guztiak egin dauzana.

Leiala da betiren beti,
     emoten deutse, eskubidea zapalduei,
     ogia, gose diranei.

Atxilotuak Jaunak askatzen ditu,
     itsuen begiak Jaunak argitzen ditu.
     Konkor dagozanak Jaunak dauz zutunduazoten,
     zintzoak Jaunak ditu maitatzen.

Arrotzak Jaunak ditu zaintzen,
     umezurtz eta alargunak laguntzen,
     eta gaiztoen asmoak eragozten.

Errege izango da Jauna sekuletan,
     zure Jainkoa, Sion, menderen mendeetan.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
   Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Goretsiko dot Jauna bizi nazan artean.

Jainkoaren hitza

1 Ts 4, 14

      Jesus hil eta biztu zala sinisten dogunez, Jesusengan hil diranak ere, Jaungoikoak Haregaz batean Bereganatuko ditu. 

V/. Goretsiko zaitut, Jauna, * onik atara nozulako. Goretsiko.
R/. Negarra, dantza bihurtu deustazulako. Aintza Aitari. Goretsiko. 

Bened. ant.  Neu naz biztuera eta bizia. Nigan sinisten dauana, hilik ere, bizi izango da; eta Nigan sinistuz bizi dana, ez da inoiz hilko.

Lk 1, 68-79

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbazino indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta zituenen bidez;
    salbazinoa gure etsaien menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Neu naz biztuera eta bizia. Nigan sinisten dauana, hilik ere, bizi izango da; eta Nigan sinistuz bizi dana, ez da inoiz hilko.

 

Eskariak

      Senideok, eskatu deiogun, Jesu Kristo hilen artetik biztu eban, eta gure gorputz hilkorrak berbiztuko dituen Jainko Aita ahalguztidunari:

Jauna, biziazo gaizuz Kristogan.

      —Aita guztiz santu, Bateoan zure Semeagaz hobiratuak eta Haren biztueran berbiztuak izan garanoi: * iguzu, biziera barri baten ibili gaitezala, hil eta gero ere, Kristogaz betiko bizi izan gaitezan

      —Aita arretatsu, zerutik jatsitako ogi bizia emon deuskuzu, santuki jan daigun: * emoiguzu, betiko bizia eta azken egunean biztea

      —Jainko Aita, zure Semea herio-zorian aingeru baten bitartez indartu zenduan: * alaitu gaizuz gu ere itxaropen gozoz gure heriotzako orduan

      —Hiru gazteak sugarretatik atara zenduzan: * askatu eizuz hildakoen arimak, pekatuen ordainez jasaten daben zigorretik

      —Bizien eta hilen Jainko, Jesus hilen artetik biztu zenduan: * biztu eizuz hil diranak, eta gu ere eroan gaizuz hareekin batera betiko aintzara

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

Otoitza

      Bihotz onez entzun, Jauna, gure eskariak, eta sendoago egizu, arren, zure Seme hilen artetik biztuagan dogun fedea, gure senide hilak biztuko diran itxaropena ere sendoagoa izan daiten. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.

Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.