viernes, 4 de julio de 2025

0722_santa Maria Magdalena

GORESPENAK

Agurra

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
      Hasieran zen bezala orain eta beti
      gizaldi eta gizaldietan. Amen. Aleluia.


Goratzarrea 

Emakume jatorrak  ⁄⁄
Jauna du itxaropen,
Jauna bere kemen.

Ez du lurrean senarrik,
ez eta beste gauzarik;
itxaropena bakarrik.

Barrunbea du esitzen,
eta gordean ipintzen;
Jainkoak du maite-mintzen.

Bere eraztuna maiteki,
opaldu dio Jaunari,
zin hitza ere eskaiii.

Jaunarenean du etxe,
argia du beti gorde;
Kristo etorri-zai erne.

Pobreak ditu mahaikide,
txiroak bere senide,
denentzako da pozbide.

Zabalik dauka bihotza,
hildakoentzat oroitza,
bizien alde bizitza.

On egitea gogoko,
dena zuen bestentzako,
bere penak beretzako.

On bihurtu du bidea,
otoitz-giro nahigabea,
uste on bakardadea.

Aintzaz zuen Jaunak jantzi,
emaztetzat ederretsi,
birjina zuhur izaki.

 

1 Ant. Astearen lehenengo egunean, Maria Magdalena hilobira joan zan goizean goiz, oraindino ilun egoala.

62 Salmoa

Jainko, neure Jainko zaitut,
    goizetik bilatzen zaitut,
    zeure egarriz daukat gogoa,
    zeure irrikaz haragia,
    lur idor, egarri, ur barik dirudi.

Egona nozu Zuri begira jauretxean,
    zure ospea ta indarra ikusi-nahian.
    Bizia baino hobea da-ta zure maitasuna,
    ezpanok zure goralpena egingo dabe.

Goretsiko zaitut bizi nazan artean,
    jasoko ditut eskuok zure izenean.
    Gurinez eta maminez lez beteko jat gogoa,
    ezpan-ikaraz goretsiko zaitu nire ahoak.

Zutaz oroitzen naz ohe-ganean,
    Zeu gogoratzen zaitut gauean.
    Zeu bihurtu zara-ta nire laguntzaile,
    pozez oihu dagit zure hegoen gerizpean.
    Nire gogoa Zuri itsatsia dago,
    zure eskoiak eutsita nago.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Astearen lehenengo egunean, Maria Magdalena hilobira joan zan goizean goiz, oraindino ilun egoala.

 

2 Ant. Sutan daukat nire bihotza; nire Jauna ikusi nahi dot; Haren bila nabil, eta ez dakit non ipini daben, alleluia.

Kantika: Dn 3, 57-88. 56

Jaunak egindako guztiak, bedeinkatu eizue Jauna:
     goretsi eta ospatu gizaldietan.
     Jaunaren aingeruak, bedeinkatu eizue Jauna;
     zeruak, bedeinkatu eizue Jauna.

Zeru-gaineko ur guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
    Jaunaren gudari guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Eguzki eta ilargi, bedeinkatu eizue Jauna;
    zeruko izarrak, bedeinkatu eizue Jauna.

Euri ta ihintz guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
    haize guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Su eta beroak, bedeinkatu eizue Jauna;
    hotz eta hotz-min, bedeinkatu eizue Jauna.

Ihintz eta langar, bedeinkatu eizue Jauna;
    izotz eta jelak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Aintziar eta edur, bedeinkatu eizue Jauna;
    gauak eta egunak, bedeinkatu eizue Jauna.

Argi eta ilunpeak, bedeinkatu eizue Jauna;
    tximist eta hodeiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Bedeinkatu bei Jauna lurrak:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.

Mendi eta muno, bedeinkatu eizue Jauna;
    lur ganean ernetzen diran guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Iturriak, bedeinkatu eizue Jauna;
    itsaso eta ibaiak, bedeinkatu eizue Jauna.

Baleak eta uretan dabiltzan guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
    zeruko hegazti guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Piztia eta abere guztiak, bedeinkatu eizue Jauna:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.

Giza-seme-alabak, bedeinkatu eizue Jauna;
    israeldarrak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Jaunaren abadeak, bedeinkatu eizue Jauna;
    Jaunaren morroiak, bedeinkatu eizue Jauna.

Espiritu eta arima zintzoak, bedeinkatu eizue Jauna;
    santu eta biotz-apalak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Ananias, Azarias, Misael, bedeinkatu eizue Jauna:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.

Bedeinkatu daiguzan Aita eta Semea Espiritu Santuarekin:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.
    Bedeinkatua Zu zeru-sabaian:
    aintza eta gorespen Zuri gizaldietan.

Ant. Sutan daukat nire bihotza; nire Jauna ikusi nahi dot; Haren bila nabil, eta ez dakit non ipini daben, alleluia.

3 Ant.  Mariak, negarrez egoala, hilobi-barrura begitu eban; eta aingeru bi ikusi ebazan Zuriz jantzirik, alleluia.

149 Salmoa

Kanta Jaunari kantu barri,
    haren gorespena zintzoen batzarrean entzun bedi.
    Poztu bedi Israel bere Egileagan,
    alaitu beitez siondarrak euren erregeagan.

 Goretsi beie Haren izena dantzarekin,
    egin beioe goratzarre zaldabai eta kitararekin.
    Maite dau-ta Jaunak bere herria,
    umilak ditu garaipenez jantziak.

 Goraldi horretaz zintzoak alaitu beitez,
    euren etzun-lekuetan oihu egin beie pozez.
    Bego Jainkoaren goralpena hareen eztarrietan,
    egon beitez aho biko ezpatak hareen eskuetan;

 atzerriengandik mendekua hartu daien,
    herriak zigortu daiezan;
    hareen erregeak lotu daiezan katez,
    hareen handikiak, burdin-uztaiez.

 Idatzirik dagoan epaia jazo bedi:
    gorapide hau dagokie Haren zintzo guztiei.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Mariak, negarrez egoala, hilobi-barrura begitu eban; eta aingeru bi ikusi ebazan Zuriz jantzirik, alleluia.

 

Jainkoaren hitza

 Erm 12, 1-2

        Senideok: Jainkoaren errukiagatik eskatzen deutsuet, eskeini daizuezala  zuen buruak, opari bizi, santu eta atsegingarri Jainkoarentzat; horixe da zuen egiazko gurtza. Ez zaiteze mundu honen antzeko egin, barritu zaiteze ostera zuen eretxietan, Jainkoaren nahia ezagutu daizuen: ona dana, atsegingarri jakona eta bikaina.
 

R/.  Ez negarrik egin, Maria, * biztu da Jauna hilen artetik. Ez negarrik.
V/.  Zoaz nire senideengana eta esaiezu. Biztu da.
R/. Aintza Aitari. Ez negarrik.

 

Bened. ant.  Astearen lehenengo egunean biztu zan Jesus goizean goiz, eta Maria Magdalenari —zazpi deabru atara eutsozanari— agertu jakon lehenen.

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbamen indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan-eta berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta ebazanen bidez;
    salbamena gure arerioen menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Astearen lehenengo egunean biztu zan Jesus goizean goiz, eta Maria Magdalenari —zazpi deabru atara eutsozanari— agertu jakon lehenen.

 

Eskariak

    Senideok, emakume santu guztiekin autortu daigun Salbatzailea, eta eskatu deiogun: 

Zatoz, Jesus Jauna 

    —Jesus Jauna, emakume pekatariari, asko maitatu ebalako asko parkatu zeutsana, * parkatu guri ere, pekatu asko egin dogu-ta.

    —Jesus Jauna, emakume santuak bidean zerbitzari izaten zenduana; * egizu, zure urratsei jarraitu deiegula.

    —Jesus Jauna, irakasle ona, Marta, zerbitzari, eta Maria entzule izan zenduzana, * egizu, fedean eta maitasunean zerbidu deizugula.

    —Jesus Jauna, zure nahia beteten daben guztiak, zure anaia, arreba eta ama egiten dituzuna, * hitzez eta egitez bete daigula guztiok Zuri atsegin jatzuna.

 (… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian). 

        Gure Aita zeruetan zarana,
        santu izan bedi zure izena,
        etor bedi zure erreinua,
        egin bedi zure nahia
        zeruan bezela lurrean ere.
        Emoiguzu gaur
        egun honetako ogia,
        parkatu gure zorrak
        geuk ere geure zordunei
        parkatzen deutsegun ezkero,
        ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
        baina atara gagizuz gatxetik.

Otoitza:

    Jainko Jauna, Maria Magdalena aukeratu eban zure Seme maiteak, bere berbiztearen barri pozgarria emon eien Apostoluei; iguzu, Jesu Kristo berbiztuaren barri emon daigula, eta egunen baten Kristoren lagun izan gaitezala zeruetako erreinuan. Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-eta gizaldi eta gizaldietan.

Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.