lunes, 7 de julio de 2025

0815_Maria Birjinaren zeruratzea

Gorespenak

Agurra

V/.   Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/.   Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/.  Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari. 
        Hasieran zen bezala orain eta beti
        gizaldi eta gizaldietan. Amen. Aleluia.

Goratzarrea

AGUR, AMA, ERRUKIZ BETEA

Agur, Ama, errukiz betea,
Jainkoaren grazizko lorea,
itxaropen ustelik gabea,
Ama pozez Jainkoak asea,
zu Maria!

Gizadian haurrik ederrena,
neskatxetan agurgarriena,
birjinetan garbiz garbiena,
ta gorago zeruan zaudena,
zu Maria!

Egin zaitu Jaunak miragarri;
hautu zaitu mirabetzat, Mari,
aukeratu andre zoragarri,
zeruko ta lurreko mirari,
zu Maria!

Nahi zaitugu dohatsu aitortu,
eginalez ezin dugu lortu,
esan, jardun, hitzetan agortu,
Zu goratzen geldi gera mutu,
oi Maria!

Zakigu, Ama, bizian atsegin,
gauden beti pozetan zurekin,
atzerritik irtetearekin
bil zeruan gu aingeruekin,
oi Maria!


1 Ant. Zorionekoa zu, Maria, zeure bitartez etorri zan-eta mundura salbazinoa; pozetan zagoz orain, aintzaz beterik, Jaunaren aurrean.

62 Salmoa

Jainko, neure Jainko zaitut,
    goizetik bilatzen zaitut,
    zeure egarriz daukat gogoa,
    zeure irrikaz haragia,
    lur idor, egarri, ur barik dirudi.

Egona nozu Zuri begira jauretxean,
    zure ospea ta indarra ikusi-nahian.
    Bizia baino hobea da-ta zure maitasuna,
    ezpanok zure goralpena egingo dabe.

Goretsiko zaitut bizi nazan artean,
    jasoko ditut eskuok zure izenean.
    Gurinez eta maminez lez beteko jat gogoa,
    ezpan-ikaraz goretsiko zaitu nire ahoak.

Zutaz oroitzen naz ohe-ganean,
    Zeu gogoratzen zaitut gauean.
    Zeu bihurtu zara-ta nire laguntzaile,
    pozez oihu dagit zure hegoen gerizpean.
    Nire gogoa Zuri itsatsia dago,
    zure eskoiak eutsita nago.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant. Zorionekoa zu, Maria, zeure bitartez etorri zan-eta mundura salbazinoa; pozetan zagoz orain, aintzaz beterik, Jaunaren aurrean.


2 Ant. Aingeru-talde guztiak baino gorago jasoa izan da Maria Birjina; poztu bitez kristau guztiak eta bedeinkatu beie Jauna.

Kantika: Dn 3, 57-88. 56

Jaunak egindako guztiak, bedeinkatu eizue Jauna:
     goretsi eta ospatu gizaldietan.
     Jaunaren aingeruak, bedeinkatu eizue Jauna;
     zeruak, bedeinkatu eizue Jauna.

Zeru-ganeko ur guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
    Jaunaren gudari guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Eguzki eta ilargi, bedeinkatu eizue Jauna;
    zeruko izarrak, bedeinkatu eizue Jauna.

Euri ta ihintz guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
    haize guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Su eta beroak, bedeinkatu eizue Jauna;
    hotz eta hotz-min, bedeinkatu eizue Jauna.

Ihintz eta langar, bedeinkatu eizue Jauna;
    izotz eta jelak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Aintziar eta edur, bedeinkatu eizue Jauna;
    gauak eta egunak, bedeinkatu eizue Jauna.

Argi eta ilunpeak, bedeinkatu eizue Jauna;
    tximist eta hodeiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Bedeinkatu bei Jauna lurrak:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.

Mendi eta muno, bedeinkatu eizue Jauna;
    lur ganean ernetzen diran guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Iturriak, bedeinkatu eizue Jauna;
    itsaso eta ibaiak, bedeinkatu eizue Jauna.

Baleak eta uretan dabiltzan guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
    zeruko hegazti guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Piztia eta abere guztiak, bedeinkatu eizue Jauna:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.

Giza-seme-alabak, bedeinkatu eizue Jauna;
    israeldarrak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Jaunaren abadeak, bedeinkatu eizue Jauna;
    Jaunaren morroiak, bedeinkatu eizue Jauna.

Espiritu eta arima zintzoak, bedeinkatu eizue Jauna;
    santu eta bihotz-apalak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Ananias, Azarias, Misael, bedeinkatu eizue Jauna:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.

Bedeinkatu daiguzan Aita eta Semea Espiritu Santuarekin:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.
    Bedeinkatua Zu zeru-sabaian:
    aintza eta gorespen Zuri gizaldietan.
 

Ant. Aingeru-talde guztiak baino gorago jasoa izan da Maria Birjina; poztu bitez kristau guztiak eta bedeinkatu beie Jauna.


3 Ant.  Jaunak ospetsu egin dau gaur zure izena, eta zure goralpenak ez dira behin be isilduko giza-ahotan.

149 Salmoa

Kanta Jaunari kantu barri,
    haren gorespena zintzoen batzarrean entzun bedi.
    Poztu bedi Israel bere Egileagan,
    alaitu beitez siondarrak euren erregeagan.

 Goretsi beie Haren izena dantzarekin,
    egin beioe goratzarre zaldabai eta kitararekin.
    Maite dau-ta Jaunak bere herria,
    umilak ditu garaipenez jantziak.

 Goraldi horretaz zintzoak alaitu beitez,
    euren etzun-lekuetan oihu egin beie pozez.
    Bego Jainkoaren goralpena hareen eztarrietan,
    egon beitez aho biko ezpatak hareen eskuetan;

 atzerriengandik mendekua hartu daien,
    herriak zigortu daiezan;
    hareen erregeak lotu daiezan katez,
    hareen handikiak, burdin-uztaiez.

 Idatzirik dagoan epaia jazo bedi:
    gorapide hau dagokie Haren zintzo guztiei.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Jaunak ospetsu egin dau gaur zure izena, eta zure goralpenak ez dira behin be isilduko giza-ahotan.


 Jainkoaren hitza

Ik Is 61, 10

      Pozez beterik nauka Jaunak, nire arima Jainkoarekin alai daukat; osasun-soinekoz jantzi nau, garaipen-estalkiz apaindu, edergailuz apaintzen dan andragaia lez.

V/. Gaur Maria Birjina * zerura jasoa izan da. Gaur.
R/. Eta garaipentsu bizi da betiko Kristorekin. Zerura. Aintza Aitari. Gaur.
 

Bened. ant.  Ederra da ta apaina, Jerusalemgo alaba; gora-goraka doa sortu barria dan egun-sentia lez.

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbamen indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan-eta berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta ebazanen bidez;
    salbamena gure arerioen menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.

Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.


Ant.  Ederra da ta apaina, Jerusalemgo alaba; gora-goraka doa sortu barria dan egun-sentia lez.

 

Eskariak

      Ospatu daigun Maria Birjinagandik jaio zan gure Salbatzailea, eta esan deiogun bihotzez:

Zure Amak, Jauna, egin bei otoitz gure alde.

      —Betiko Hitza, Zuk Maria aukeratu zenduan, zure bizileku ustel-ezina izan zedin: * zaindu gaizuz pekatuaren ustelkeriatik.

      —Andra Mariaren sabela, zuretzat sorleku garbi-garbi, eta Espíritu Santuarentzat bizileku santu egin zenduan munduko Salbatzaile, *egin gaizuz gu beti zure Espirituarentzat etxe pozgarri.

      —Zure ama, gorputz eta arima, Zurekin zerura jaso nahi izan zenduan erregeen Errege, * egizu gure gogo-bihotzak zeruetara jasota euki daiguzala beti.

      —Maria, zure eskoi-aldean, Zurekin Erregina egin dozun zeru-lurretako Jauna, * iguzu, guk ere zeruetan Zurekin zoriontsu izatea merezi daigula.

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

 

Otoitza

      Jainko Jauna, Maria Birjinari, haren apaltasuna atsegin jatzulako, zure Seme bakarraren ama izateko grazia emon zeutsan, eta egun honetan paregabeko koroi ospetsua; balia bekigu haren otoitza, eta erospeneko misterioaz salbatu gaituzunok, eroan gaizuz harengana zeruko ospera. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta gizaldi eta gizaldietan.


Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.