lunes, 6 de enero de 2025

0125_Pauloren Kristogana bihurtzea

Agurra

V/. Zatozkit lagun, ene Jainko.
R/. Jauna, zatoz laster ni laguntzera.

V/. Aintza Aitari eta Semeari eta Espiritu Santuari.
      Hasieran zen bezala orain eta beti
      gizaldi eta gizaldietan. Amen. Aleluia.

 

Goratzarrea


R/.     Kristo berpiztuaren lekuko zaretenok, 
           zaindu Jainko-herria
           fedean eta batasunean.

Gure fedea eri denean,
nora jo, zuengana ezik?
Zuek zaituztegu lekuko eta zaintzaile.
Zuek hotsegin duzue askatasunez
hasieran bazena,
zeuron begiz ikusia,
eta zeuron eskuz ukitua:
Biziaren hitza.

Gure kezkak eta esperantzak,
non bakerik, zuengan ezik?
Zuek zaituztegu Elizaren oinarri,
zuek ikusi duzue berbiztua den Jauna,
zuek entzun Espiritua,
suz eta hitzez azaltzen
Kristoren misterioa,
betidanik Jainkoarengan
ezkutu zegoen misterioa.


Salterioa


1 Ant. Badakit nori sinistu deutsadan, eta ziur nago badauala Harek indar, nire gordailua zaintzeko azken egunera arte.

62 Salmoa

Jainko, neure Jainko zaitut,
    goizetik bilatzen zaitut,
    zeure egarriz daukat gogoa,
    zeure irrikaz haragia,
    lur idor, egarri, ur barik dirudi.

Egona nozu Zuri begira jauretxean,
    zure ospea ta indarra ikusi-nahian.
    Bizia baino hobea da-ta zure maitasuna,
    ezpanok zure goralpena egingo dabe.

Goretsiko zaitut bizi nazan artean,
    jasoko ditut eskuok zure izenean.
    Gurinez eta maminez lez beteko jat gogoa,
    ezpan-ikaraz goretsiko zaitu nire ahoak.

Zutaz oroitzen naz ohe-ganean,
    Zeu gogoratzen zaitut gauean.
    Zeu bihurtu zara-ta nire laguntzaile,
    pozez oihu dagit zure hegoen gerizpean.
    Nire gogoa Zuri itsatsia dago,
    zure eskoiak eutsita nago.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen. 


Ant.
Badakit nori sinistu deutsadan, eta ziur nago badauala Harek indar, nire gordailua zaintzeko azken egunera arte.

 

2 Ant. Nahikoa dozu nire grazia Paulo, makal-aldian heltzen da bere betera indarra.

 Kantika: Dn 3, 57-88. 56

Jaunak egindako guztiak, bedeinkatu eizue Jauna:
     goretsi eta ospatu gizaldietan.
     Jaunaren aingeruak, bedeinkatu eizue Jauna;
     zeruak, bedeinkatu eizue Jauna.

Zeru-ganeko ur guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
    Jaunaren gudari guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Eguzki eta ilargi, bedeinkatu eizue Jauna;
    zeruko izarrak, bedeinkatu eizue Jauna.

Euri ta ihintz guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
    haize guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Su eta beroak, bedeinkatu eizue Jauna;
    hotz eta hotz-min, bedeinkatu eizue Jauna.

Ihintz eta langar, bedeinkatu eizue Jauna;
    izotz eta jelak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Aintziar eta edur, bedeinkatu eizue Jauna;
    gauak eta egunak, bedeinkatu eizue Jauna.

Argi eta ilunpeak, bedeinkatu eizue Jauna;
    tximist eta hodeiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Bedeinkatu bei Jauna lurrak:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.

Mendi eta muno, bedeinkatu eizue Jauna;
    lur ganean ernetzen diran guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Iturriak, bedeinkatu eizue Jauna;
    itsaso eta ibaiak, bedeinkatu eizue Jauna.

Baleak eta uretan dabiltzan guztiak, bedeinkatu eizue Jauna;
    zeruko hegazti guztiak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Piztia eta abere guztiak, bedeinkatu eizue Jauna:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.

Giza-seme-alabak, bedeinkatu eizue Jauna;
    israeldarrak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Jaunaren abadeak, bedeinkatu eizue Jauna;
    Jaunaren morroiak, bedeinkatu eizue Jauna.

Espiritu eta arima zintzoak, bedeinkatu eizue Jauna;
    santu eta bihotz-apalak, bedeinkatu eizue Jauna.
    Ananias, Azarias, Misael, bedeinkatu eizue Jauna:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.

Bedeinkatu daiguzan Aita eta Semea Espiritu Santuarekin:
    goretsi eta ospatu gizaldietan.
    Bedeinkatua Zu zeru-sabaian:
    aintza eta gorespen Zuri gizaldietan.

Ant. Nahikoa dozu nire grazia Paulo, makal-aldian heltzen da bere betera indarra.

 

3 Ant. Jainkoaren grazia ez da alperrekoa izan nigan; Haren graziak beti dihardu neugaz lanean.

149 Salmoa

Kanta Jaunari kantu barri, 
    haren gorespena zintzoen batzarrean entzun bedi.
    Poztu bedi Israel bere Egileagan,
    alaitu beitez siondarrak euren erregeagan.

 Goretsi beie Haren izena dantzarekin,
    egin beioe goratzarre zaldabai eta kitararekin.
    Maite dau-ta Jaunak bere herria,
    umilak ditu garaipenez jantziak.

 Goraldi horretaz zintzoak alaitu beitez,
    euren etzun-lekuetan oihu egin beie pozez.
    Bego Jainkoaren goralpena hareen eztarrietan,
    egon beitez aho biko ezpatak hareen eskuetan;

 atzerriengandik mendekua hartu daien,
    herriak zigortu daiezan;
    hareen erregeak lotu daiezan katez,
    hareen handikiak, burdin-uztaiez.

 Idatzirik dagoan epaia jazo bedi:
    gorapide hau dagokie Haren zintzo guztiei.

 Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen. 

Ant. Jainkoaren grazia ez da alperrekoa izan nigan; Haren graziak beti dihardu neugaz lanean.

 

Jainkoaren hitza 

     Honetarakoxe agertu naiatzu: Zu nire zerbitzari aukeratzeko, ni ikusi nozula testigu izan zaitezan eta geroago agertuko deutsudazanen testigu ganera. Zure herrikoen eta atzerrikoen eskuetatik atarako zaitut; honeengana bialtzen zaitut-eta, begiak edegi dakiezuzan; eta ilunpetatik argitara, eta Satanasen agindupetik Jainkoagana bihurtu daitezan; Nigan sinisturik, pekatuen parkamena eta sagaratuen ondarea jadetsi daiezan.

 

R/.  Paulo apostolu santua,  * zeu izan zara aukeratua. Paulo.
V/.  Mundu zabalean egia iragartzeko. Zeu.
        Aintza Aitari. Paulo.

 

Bened. ant.  Ospatu daigun Paulo apostolu santuaren Kristogana bihurtzea, Kristoren arerio zana Haren aukeratua egin da-ta.

Bedeinkatua Jauna, Israelgo Jainkoa
    agertu eta bere herria askatu dauana;
    salbazino indarra deusku emon,
    bere morroi Dabiden etxean.

Halan eukan-eta berbea emonda bere santuen bidez,
    behinola bere profeta ebazanen bidez;
    salbamena gure arerioen menpetik,
    gorroto deuskuen guztien eskutik.


Horrela egin deutse gure gurasoei erruki,
    bere alkarte santuaz oroiturik;
    egin eutson-eta  gure guraso Abrahami zin-hitza,
    Berak emongo euskula.

Gure etsaien eskutik gu atarata, bildur barik,
    izan gaitezan Haren zerbitzari;
    zintzo eta zuzen Beraren aurrean,
    gure egun guztietan.

Zu, barriz, seina,
    Goi-goikoaren profeta deitua izango zara,
    Jaunaren aurpegi aurretik joango zara-eta,
    Hari bidea prestatzera;
    erakustearren Haren herriari salbamena,
    euren pekatuen parkamena.

Gure Jainkoaren errai errukitsuekaitik,
    agertuko jaku Goiz-eguzkia ganetatik;
    ilunpetan eta herio-gerizpean dagozanei argi egitera,
    gure oinok bake-bidean zuzentzera.

Aintza Aitari eta Semeari,
    eta Espiritu Santuari.
    Lehen lez, orain eta beti,
    eta amaibako egunetan. Amen.

Ant.  Ospatu daigun Paulo apostolu santuaren Kristogana bihurtzea, Kristoren arerio zana Haren aukeratua egin da-ta.

 

Eskariak

     Zeru-ondarea Apostoluen bidez dogunez, emon deioguzan eskerrak gure Aitari, hartutako dohai guztiekaitik, esanez:

Apostoluen taldeak goresten zaitu, Jauna.

     —Gorespen Zuri, Jauna, Apostoluek ekarri deuskuen zure Semearen gorputz-odolen mahaiagaitik: * hor janaria eta bizia doguz-eta.

     —Gorespen Zuri, Jauna, Apostoluek jarri deuskuen zure hitzaren mahaiagaitik: * hor argia eta poza doguz-eta.

      Gorespen Zuri, Jauna, Apostoluen ganean eregitako zure Eleiza santuagaitik, * haretan guztiok gorputz bat egiten dogu-ta.

     —Gorespen Zuri, Jauna, Apostoluen eskuetan jarri zenduzan Bateoko eta Autortzako sakramentuekaitik: * horreen bidez pekatu guztietatik garbitzen gara-ta.

(… isil unea, bakotxak bere eskaria egin ahal izan daian).   

Gure Aita zeruetan zarana,
santu izan bedi zure izena,
etor bedi zure erreinua,
egin bedi zure nahia
zeruan bezela lurrean ere.
Emoiguzu gaur
egun honetako ogia,
parkatu gure zorrak
geuk ere geure zordunei
parkatzen deutsegun ezkero,
ez eiguzu itzi tentazinoan jausten
baina atara gagizuz gatxetik.

Otoitza

     Jainko Jauna, mundu guztia argitu dozu Paulo apostolu santuaren hitzez; haren Kristogana bihurtzea gaur ospatzen dogun ezkero, egizu, haren antzera gu ere Zeugana bihurtu gaitezala, zure eta egiaren lekuko eta autorle izan gaitezan munduaren aurrean. Zure Seme Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean Jainko eta errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.

 

Amaierea

V/. Bedeinkatu gaizala Jainko ahalguztidunak: Aitak eta Semeak eta Espiritu Santuak.
R/. Amen.

V/. Goazen Jaunaren bakean.
R/. Eskerrak Jainkoari.